XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dallasek sormenik eza, mimetismoa, kalkoa, segidismoa, multinazionalen kultura estandardizatzailea ordezkatzen du.

Dallas kabitzen al da ETBn?.

Purismo eta abangoardismo guztien gainetik, bai, gure ustetan, arrisku eta guzti.

Dallasek herri-harrera handiko programa esan nahi du.

Programa-mota honek badu joerazko arriskurik telebista autonomikoentzat: kanal txiki bat erraz bihur daiteke multinazionalen pantaila, kultura amerikarraren edo espainolistaren transmisore, programa horiek merkeak bait dira eta audientzia ziurtatu egiten bait dute.

Bestalde, ETBk Dallas behar du: gantxo bezala behar du, gizarte-multzo handiak bereganatzeko eta horiengana euskara eramateko.

ETB bera egituratze- eta finkatze-prozesuan egonik eta hizkuntz normalizazioaren prozesuko tresna eraginkorrenetakoa izanik, erraz ulertzen da audientzia masiboko programetara jotzea.

Horrez gain, telebista minoritario izateko bokaziorik ez du ETBk.

Hori bai, herri-harrera handiko programa hauek gizarte-multzo soziokultural minoritarioentzako programak behar dituzte ondoan.

Dosifikatzean dagoke auzia, baina ez ereduan, gure ustez.

Ereduak, mila aldiz esan dugun bezala, audientzia masiboko telebistarena behar du izan.

Telebistaren funtzioak oro modurik osoenean betetzeko programakuntza behar du ETBk: hezkuntzarako, aisiarako, kulturarako, informaziorako lanabesa da euskarazko telebista, erdarazko telebista den bezalaxe.

Gure ustetan, eredu-mota hau behar du Euskal Telebista Nazionalaren bokazioa duen ETBk, eta bestelako ereduak eta telebista alternatiboak bestetara plantea daitezke.

Programazio-ereduaren arazoa aparte, esan beharrik ez dago kalitateak gaina hartu beharko diola kantitateari.

Audientzia masiboko programak behar direla defendatzen dugun indar berarekin diogu, kalitateak eman behar duela ETBren tamaina.

Honekin zerikusi estua duena, barne-produkzioa da.

Hemen landu eta zaindu behar da, batez ere hemen, kalitatea.

Ekoizpen propioak erakutsiko du ETBren balioa, eta frogatuko bertako lantaldeen ahalmena eta gaitasuna.

Edozein telebistaren arragoa barne-produkzioan datza.

ETBko ekoizpen propioari begira, zer esan? Akileren orpoa hementxe daukalakoan gaude.

Salagarri ikusten ditugu bai barne-produkzioaren eskasia eta bai horretarako azpiegituraren prestakuntzaren mantsotasuna.

Ekoizpen propioa erdiesteko bidea luzatuz doala iruditzen zaigu.